XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina lasaitasunak ez zuen luzaro joko, irailaren 12an agintariek Euskeldun Batzokija itxi arazi zuten, eta berarekin batera Bizkaitarra aldizkaria debekatu, horrez gain, bertako 110 bazkide auzipetu eta Batzorde Zuzendaria giltzaperatu zuten.

Azkeneko hauek, Sabino ezik, laster askatu zituzten baina, Sabinok aldizkarian idatzitako artikuluen erantzunkizuna zuenez gero, barruan gelditu behar izan zuen 1896ko urtarrilaren 8raino.

Urte honetan Bizkaya'ren Edestija ta Izkera-Pizkundia izeneko argitaletxea sortu zuen Sabinok eta, besteak beste, bere seiluan sei lurraldeen eskutuak batera agertzen dira lehenengo aldiz, baita Euskadi hitza ere.

Argitaletxe honek Sabinoren lanak argitaratzen zituen: Lecciones de ortografía del Euzkera Bizkaino (1896), Egutegi Bizkaitarra (1896), Lenengo Egutegi Bizkaitarra (1897), Umiaren lenengo Aizkidia (1897), e.a.

Abertzaletasuna Bizkaitik beste lurraldeetara zabaltzeko asmoz, 1897ko maiatzean Baserritarra izeneko astekaria sortu zuen Sabinok Teofilo Guiarden zuzendaritzapean.

Astekari honek bizitza laburra izan zuen eta urte bereko abuztuaren 29an kaleratu zen azkeneko alea.

Hala ere, Sabinok ez zuen atsedenik hartzen.

Bere ideien zabaltzeari ekin zion jo ta ke.

Egunez egun jende gehiagok izan zuen ideia horiek ezagutzeko aukera.

Baita gorrotatzeko ere.

Eta honela, 1898ko apirilaren 24ean Cubako gerra zela eta, Bilbon egin zen manifestaldi espainiartzaleak Aranaren etxearen aurretik pasatzerakoan harriak bota zituen.

Baina, hazia ereinda zegoen, eta nahiz eta hasieran aurkitutako lurra oso oparoa ez izan, piskanaka piskanaka garatzen hasi zen.